Emaus Gizarte Fundazioak hondartza iraunkorrago eta inklusiboagoen aldeko udako kanpaina abiarazi du

Playa limpia, playa viva

2025 hondartzen denboraldia abian da Gipuzkoan, eta horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Sailak Emaus Gizarte Fundazioarekin batera bultzatutako “Hondartza garbia, hondartza bizia: zaindu gaur, gozatu bihar” kanpaina. Ekaina, uztaila eta abuztuan zehar, Gipuzkoako kostaldeko hainbat hondartza zeharkatuko ditu ekimen honek, aisialdi-guneetan jarraibide arduratsuak, jasangarriak eta inklusiboak sustatzeko.

Heziketa-jardueren, tailerren eta dinamika parte-hartzaileen bidez, kanpainak herritarrak sentsibilizatu nahi ditu beren eguneroko ohituren eraginari buruz, eta, horretarako, hondakinak murriztea, kontsumo arduratsua eta ingurumena zaintzea sustatzen ditu. Aurten ere, hondartzako materialak maileguan uzteko Gauzateka doako zerbitzua erabilgarri egongo da hareatzetan asteazkenetik igandera. Emaus Gizarte Fundazioak eta beste eragile laguntzaile batzuek (Garbera eta Urbil merkataritza-zentroak, adibidez) emandako joko eta tresna berrerabilgarriak eskainiko ditu. Berrikuntza gisa, hezkuntza-material osagarriak eta baliabideen erabilera partekatuari esker saihestutako karbono-aztarnaren kalkulua izango ditu aurtengo edizioak.

Aitziber Zubillaga Emaus Gizarte Fundazioko zuzendariak lankidetza horren garrantzia azpimarratu du:
“Gure eskerrik beroena, aurten ere gurekin kontatzeagatik ekimen honetan parte hartzeko. Gainera, gaur aurkezten den programan, Emaus Gizarte Fundazioan lantzen ditugun bi lerroak uztartzen dira; ingurumena eta inklusioa. Gure proposamenean, ingurumenaren aldeko kontzientziazioa bultzatuko dugu, ekinaren bidez, hau da, hondartzetan egiten dugun bizitzan, kontsumo arduratsua eta ingurumenaren zaintzaren inguruko jokaerak landuz. Eta ekimenean, laneratze enpresaren bidez, inklusio ibilbideak ere sustatzen ditugu”.

Ekainaren 25ean hasiko da kanpaina Hondarribian, eta kostaldeko beste zortzi herri zeharkatuko ditu udan zehar: Donostia (Zurriola eta Kontxa), Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku.

Ekainak 25-29: HONDARRIBIA Hondartzako pasealekua 
Uztailak 2-6: DONOSTIA (Zurriola) 
Uztailak 9-13: ORIO Hondartzako pasealekua 
Uztailak 16-20: ZARAUTZ Hondartzako malekoia
Uztailak 23-27: GETARIA Malkorbeko aparkaleku egokituan. 
Uztaila 30 - abuztuak 3: ZUMAIA Itzurun hondartza 
Abuztuak 6-10: DEBA Hondartzako pasealekua 
Abuztuak 13-17: MUTRIKU Portuko hondartza
Abuztuak 20-24: DONOSTIA (Kontxa) Clara Campoamor plaza